Seminarixoa

SEMINARIXOA

Seminarixoa

Seminarixoa, kulturaren errekaren etorria, tradizioa eta modernitatea, ondarea eta gizartea, iragana eta etorkizuna, zaindu eta berreraiki, historia jaso eta egin, ikasi eta zabaldu, hartu eta eman… kulturaz busti eta erein, kimu berriak hazi daitezen. Horrek guztiak batzen ditu Bergararen iragana kulturaren errekasto garrantzitsuaren bitartez, etorkizunarekin lotzen duen agertoki berriak, Bergarako herriak merezitakoak.

2017ko abenduaren 24an zabaldu zituen Seminarixoak ateak lehenengoz. Olentzero eta Mari Domingiren eskutik herritarrek Bergarako kultura agertoki berria lehenengoz ikusi ahal izan zuten!!

Seminarixoa Bergara erdi-erdian kokatuta dagoen XVIII. mendeko gure ondare garrantzitsuetako batean XXI. mendeko azpiegituraz atondutako agertoki eder bat da. Arte ondare eta modernitatearen artean ia ezinezkoa zirudien oreka errealitate bihurtu da.

Aretoari, gure toponimia eta hizkera-ohiturei jarraituta eta hizkuntza arauak beteta, “Seminarixoa” izena jarri diogu. Eta hala izatea nahi dugu, kulturaren hazitegi bat.
Bertara ekarriko ditugu neurri desberdinetako ikuskizunak, haiekin gozatu eta haietaz ikasteko; baina, era berean, herriko kultura taldeek eta artistek ere bertan plazaratuko dituzte beraien sorkuntzak. Gure herriko kultura sortzaile eta kultura zaleok merezitako aretoa daukagu!

Udalaren apustua irmoa izan da: Bergarako kultura sortzaileek eta Bergarako herriak behar zuen maila handiko agertoki bat, eta azkenean lortu dugu. Aretoa bera ederra da, gure herriaren ondare bizi-bizia, eta aretoaren beraren baldintza eta azpiegitura teknikoak punta-puntakoak.

zortzi puntako izarra, euskal grafia eta kultura hazitegia

Manu Muniategiandikoetxea artista bergararrak sortu du Seminarixoko irudia. Bera eta bere ekipoa zortzi puntako izarrean, euskal izarrean, oinarritu dira.

Muniategiandikoetxeak azaldu duen bezala, izar hau euskaldunon jatorrian eta gure oroimen kolektiboan zizelkatuta dago eta gurera, gaur egunera, ekarri nahi izan dute.
Seminarixoan izar honek beste adiera gehigarri bat hartzen du: forma borobilagoa hartuta hazitegiaren zentzua emanez, izar edo lora honen petaloak haziak dira, tanta bihurtuta kulturaz ‘busti’ko gaituztenak. Eta tanta horietatik etorriko dira besteak, kultura hazten eta hazten joan dadin. Hala irudikatzen da-eta Seminarixoa, kulturaren sorleku eta hazitegi.

Udalaren apustua irmoa izan da: Bergarako kultura sortzaileek eta Bergarako herriak behar zuen maila handiko agertoki bat, eta azkenean lortu dugu. Aretoa bera ederra da, gure herriaren ondare bizi-bizia, eta aretoaren beraren baldintza eta azpiegitura teknikoak punta-puntakoak.