Seminarixoa

Maddiren Trajeria Pastorala

Sinopsia

Pastoralaren istorioa

Pastoral honen gidoiak Piarres Lafittek 1965. urtean, Gure Herria aldizkarian plazaratu zuen ‘Orein bilakatu neska’ izeneko bertso bilduma du oinarri.  Bertsoak behe-nafarreraz idatzita daude, baina tamalez ez dakigu nork egin zituen, Lafittek inoiz ez baitzuen horren berririk eman.  Bertso hauetan kontatzen zaigun ipuin edo legenda zaharra da, XVIII. eta XIX. mendeetan Europa osoan hedatu zena. Legenda honetan orein bilakatu zen neska baten istorioa azaltzen zaigu. Lafittek plazaratu zituen bertsoetan gauza bera kontatzen zaigu. Maddi neska gaztea Pazko arrats batean pegarrarekin errekara, ur hartzera joan zen, eta bertako ura edatean orein bilakatu zen. Hortik aurrera, egun argia den bitartean orein izango da eta gauez betiko neskatila.

Maddik bazuen Jakes izeneko anaia ehiztaria, txakurrekin maiz ibiltzen zena. Amak badu alabari gertatu aztikeriaren susmoa eta etxeko guztiei esan badie ere, inork ez dio gehiegi sinetsi. Halako batean, etxeko txakurrek orein bat hilko dute, Jakes anaiak zatikatu eta familiako guztien artean jan egingo dute. Maddiren izpirituak amari emango dio gertatu denaren berri, eta amak, egia ezaguturik, sastakai batez hilko du bere burua.

Hauxe da bertso hauetan kontatzen zaiguna eta Gerardo Mungiak pastoralera eraman duen trajeria lazgarria.

Bertso hauek oihartzuna izan dute gure kulturan. 1977. urtean Haizea taldeak zabaldu zuen bere lehen diskoan  Ura isuririk  izenaz. Gerora Mixel Bedaxagarrek eta Benito Lertxundik ere kantatu eta zabaldu zuten beren disko eta kantaldietan.

Maddiren Trajeria’ izenaz bataiatu da Pastoral hau. Pantxika Urruti izan da, berriz ere, errejenta eta Xaretako herriek (Zugarramurdi eta Urdazubi Nafarroan, eta Sara eta Ainhoa Lapurdin), elkarrekin prestatu eta jokatu dute, urriaren 15ean eta 16an Zugarramurdiko leizean, eta urriaren 22an eta 23an Sarako plazan. Erran beharra dago lau emankizunetan agertokiak jendez mukuru izan zirela.

Oraingoan Bergaran ikusteko aukera izanen dugu.

Pastoral hau 16 jelkaldiz eta 9 kantorez osatua dago, 71 arizalek hartu dute parte eta horiekin batera 13 musikarik.  Ameli Harotzarene zugarramurdiarra izan da Maddi sujeta jokatu duena, Mattin de Castro biriatuarrak Jakes anaiarena jokatu du, Beronik Ondikolak amarena jokatu du eta Koxe Bergara saratarrak aitarena. Eta pastoral guztietan bezala, orotarik izan da: predikuak, jelkaldiak, borrokaldiak, dantza eta kanore ederrak, eta baita artzainak, artaldea eta taloak ere. Biziki ederra eta Pantxika Urrutik ongi zuzendua.

FITXA TEKNIKOA: Gehiago jakin nahi baduzu, jarraitu ondorengo esteka:

Erosi zure tiketak hemen
Data: 2023/03/25
Ordua: 17:00
Sarrerak salgai 2023/03/01ean 18:00etatik aurrera

PASTORALA
Hizkuntza: Euskara
Konpania: Maddiren Trajeria Pastorala
Sarrera: 15€
Online salmenta itxita