LABURBIRA
Sinopsia
2024ko LABURBIRAK, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak, 8 film laburrekin osatutako bilduma aparta eskainiko du aurtengo edizioan. Eduki zein estiloz denetariko pelikulekin osatua, gaur egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da film labur sorta hau. Hauexek, hurrenez hurren, bilduma osatuko duten 8 filmak:
-DENA ASMATUTA DAGO (Jone Arriola)
-KATALINAREN ZORIA (Guillermo Ordás)
-ERRO (Amaia Lejarreta)
-BABESA (Ander Iruretagoyena)
-MUNDU BERRI BAT (Mikel Alvarez)
-ZIRRARA (Ane Cuesta)
-TALKAK (Ilune Diaz eta Jordi Nuet)
-BETIZU BURU (Kim Maiteny Munoa)
BABESA
(Zuzendaria: Ander Iruretagoyena)
Aratz, film honetako pertsonaia nagusia prostitutua da. Migel ezagutzean are gehiago nahaspilatuko da bere bizimodua.
DENA ASMATUTA DAGO
(Zuzendaria: Jone Arriola)
Duela sei hilabete ezagutu zuten elkar Lur eta Martinek baina beraien harremanak oraindik ez du izenik. Dena asmatuta badago, beraien artekoa zer da?
KATALINAREN ZORIA
(Zuzendaria: Guillermo Ordás)
Gerra latz baten erdian biziraun nahian, bere kemen eta indar guztia baliatu beharko du Katalinak onik ateratzeko…
ERRO
(Zuzendaria: Amaia Lejarreta)
Bodypaint eta dantza bertikala uztartuz, bizitzaren zikloa irudikatzen du Amaia Lejarretak irudi zorgarriekin ondutako lan ikusgarri honetan.
MUNDU BERRI BAT
(Zuzendaria: Mikel Alvarez)
Apokalipsi zonbiak hartu du mundua. Filmeko protagonista, kutsatuta, bere buruaz beste egiteko zorian dago. Zorionez, sendagaia aurkitu dute. Mundu berri bat du orain aurretik, edo ez?…
ZIRRARA
(Zuzendaria: Ane Cuesta)
Neskato gazte bat bere gorputza deskubritzen hasi da bat batean. Uste baino buruhauste handiagoak ekarriko dizkio deskubrimentu horrek…
TALKAK
(Zuzendaria: Ilune Diaz eta Jordi Nuet)
Krisian dagoen bikote batek, bere arazoak amen batean konponduko dituen ezusteko talka-terapia perfektua aurkituko du jolas-azoka batean..
BETIZU BURU
(Zuzendaria: Kim Maiteny)
MIREN eta MANUk baserri bat hartu dute asteburua pasa eta elkarren arteko harremana hobetzeko. Bortizkeriak bortizkeria dakar eta bailarako kondairak dio zintzarri bat dela zapaltzaileek entzuten duten azken hotsa…