Bergara Kultura

Ezpalak

Kolpatu Topatu diskoaren aurkezpena

Rock alternatiboa egiten duen Ezpalak talde zestoarrak udaberri honetan argitaratuko du estudioko bigarren albuma. Ayuken Management & Productions eta Oso Polita etxeek bat egin dute etorkizun -oso- handiko talde euskaldun honen garapenean elkarlanean jarduteko.

2019an sortu zen Ezpalak taldea, beste hainbat taldetako kideekin, hala nola Voltaia, Los Moths edo Grises. Ezpalak honako hauek osatzen dute: Juanjo Berasain (ahotsa), Eñaut Gaztañaga (gitarra), Unai Eizagirre (baxua) eta Janardana Iglesias (bateria). Azken hori duela gutxi sartu da taldean, Xabi Arrieta aurreko bateria-jotzaileak taldea utzi ondoren

2020 urte gorabeheratsua gaindituta, Ezpalak taldea bueltan da berriro, taldekideen hitzetan soinu “irmoagoarekin”: fuzz gitarrakpsikodelia-kutsuak eta noisea, riff potenteak, punk boladak eta, “zergatik ez, halako pop malenkonia bat”, diotenez.

2019ko martxoan taldearen izen bereko diskoa kaleratu zuten, eta 2020an, berrikiago, “Itzala”, “Tristura” eta “Hegan edo hilik” singleak; lan horien ostean, bigarren diskoaren “produkzioa eguneratuagoa” izango da eta sintetizadoreak zorrotzagoak, “diskoari ukitu psikodelikoak eta lo-fi soinuak” ekarriz, adierazi dute Ezpalako kideek.

Disko berri horretan, erritmo rockero eta dantzagarriagoak iritsiko dira, laurogeita hamarreko hamarkadako eragin nabariarekin, Sonic Youth, Dinosaur Jr., Nirvana edo The Smashing Pumpkins taldeak gogoraraziz. Garage eta grunge estiloen arteko soinu horiek askoz nabariagoak eta garbiagoak ziren taldearen lehen LPan –“Ezpalak” (2019)–; orain, aldiz, soinu horiek nortasun propioa duten eta gaur egungoagoak diren taldeen beste erreferentzia batzuetan barreiatzen dira, besteak beste Ty Segall, Shame, Idles edo Fontaines D.C..

Zergatik Ezpalak

Taldearen izena Seiurte taldearen disko batetik dator: “Duela urte batzuk, Seiurte taldearen disko bat produzitu, grabatu eta nahasteko plazera izan nuen» dio Ezpalak taldeko gitarrista eta Grises taldeko kide ez ezik, Zestoako Gaztain estudioaren jabe ere baden Eñaut Gaztañagak. Iokini (Seiurteko abeslariari) galdetu nionean diskoaren izenburua zein izango zen, Ezpalak izango zela erantzun zidan, eta beretzat zer esan nahi zuen adierazi zidan. Asko gustatu zitzaidan, eta beti izan dut gogoan etorkizuneko balizko proiektu baterako. Taldean proposatu nuen, eta ongi iruditu zitzaien”, adierazi du Eñautek; Eñaut bera artista ugariren lanen produktore izan da, hala nola Izaro, Dupla, Olatz Salvador, Las Sexpeares edo Grises bere taldea bera, besteak beste.